Este sitio web utiliza cookies para mejorar la experiencia de la persona usuariaPuedes consultar más información sobre nuestra política de cookies. Puedes aceptar todas las cookies pulsando el botón “Permitir cookies” o configurarlas o rechazar su uso clicando "Configurar cookies".
Las cookies estrictamente necesarias son aquellas de carácter técnico, que deben estar siempre activadas para que la web funcione correctamente, así como para que podamos guardar tus preferencias de ajustes de cookies.
Esta web utiliza Google Analitycs para recopilar información anónima que nos permita medir, por ejemplo, el número de visitantes del sitio, o las páginas más populares. Activando estas cookies, nos ayudarás a continuar mejorando nuestra web en base los intereses de nuestras y nuestros usuarios.
bizkaiko medikuen elkargoa
colegio de médicos de bizkaia
Buscador :
Volver al Menú
Familia maitea:Ez duzue inoiz nire ahotsa entzun, ezin baitut zuen moduan hitz egin. Ez naiz idazteko gai, nire eskuen mugimenduak baldarrak baitira. Entzun, bai, dena entzun dezaket, nahiz eta ingurukoak konturatzen ez diren. Askotan larregi hitz egiten dute nire aurrean, gorra naizela uste dutelako; beste batzuetan, are penagarriagoa, nire presentziaz ohartzen ez direlako. Ikusmen ona daukadala esango nuke, leihotik edo inguruari so igarotzen dut eguna; argi, itzal eta forma ezberdinekin gozatzen. Giharrak gogortuta ditut, askotan mugimendurik txikiena ere mingarria zait. Gorputzean eta adimenean mugatuta, bihotza aske eta bizi.Zelan zabaldu leiho hau, zuek benetan nor naizen eta sentitzen dudana jakin dezazuen? Zelan eskertu zuen bizitza nigatik eman izana?Urte hauetan, nolabait, elkar ulertzen ikasi dugu. Ez naiz inoiz gose, hotz ezta zikin ere sentitzen; holako beharrizanak erraz sumatzen dituzue. Aldiz, beste behar batzuk nire barneko kaiolan preso gelditzen dira, ezin askatu, ez baitaukat grina edo sentimendu hauek mundu honetan transmititzeko modurik. Txoria kaiolan egon arren, txori izaten jarraituko du, soinujole eder. Nire soinua entzun dezazuen ari naiz, atea zabaldu eta hegan irten orduko.Ez dut uste komunikatzeko bidea bera arazoa denik; izan ere, arimaren hizkuntzak ez du hitzik, ezta oinarririk ere behar. Entzuteko ez da belarririk behar, bihotza eta fedea baizik. Gizarte honetan, pertsona gutxi dira mezu hauek jasotzeko gai direnak, atea zabalik dutenak. Beharbada, gainerakoak dira kutxaren barruan bizi direnak, benetan tristea dena. Mundu honetako ataria igarota arimaren hizkuntza hau bakarra izango denaren itxaropena dut. Benetakoa den bakarra baita, gure izanaren alderik ederrena erakutsiko duena.Bidaia ezezagun batean murgilduko naiz laster, badakit. Jaiotzatik heriotzari bizkarra ematea lortu dut hainbat aldiz, gaixotasunari ziria sartuz eta oztopoak gaindituz. Zuek ez didazue inoiz joaten utzi, eskutatik gogor oratuz. Ni izan nintzen zuen lehenengo alaba. Gazteak zineten, ametsez eta proiektuz beteak. Aita, basozain amorratua zinen zu garai hartan, egunero Urkiolako basotan ibiltzera joaten zinen. Beti maite izan dituzu zuhaitzak. Ez dira oso hiztun egia esan, baina zuk benetan ulertzen diezu; haien hitzez dakizu zer behar duten, gaixorik edo triste dauden. Ni ere zuhaitz txikiren antzekoa naiz nolabait, zure gogokoena. Ama, zuk biologiaz gozatu izan duzu beti, gainera horrela ezagutu zenuen aita unibertsitatean. Haurdun gelditu zinenean ikerketa proiektu bat hasten ari zinen gogo handiz. Gogoan dut nire lehen hilabetetan zenbat ordu igaro genituen elkarrekin laborategian; zu lan eta lan jardun bitartean, ni zure sabelaren babesean.Nire jaiotza gogoz itxaron zenuten, baita gainerako senideek ere. Haurdunaldia erraz igaro zen, alaba eder eta jatorra espero baitzenuten. Sabelean nengoela, aita, askotan esaten zenidan: “Laztana, bi hanketan eusteko gai zarenean elkarrekin Euskal Herriko gailur oro ezagutzera joango gara. Baso ederrenetatik ere ibiliko gara, perretxiko bila”. Ama, zuk irribarre handiz erantzuten zenion: “Bai, zurekin hegan egiten ere ikasiko du”. Behar bada, bai.Bederatzi hilabete igarota, unea heldu egin zen. Ni irteteko gogoz nengoan, baina ez nintzen oso ondo sentitzen, ezta zu ere, ama. Erditzea luzea eta zaila izan zen, asko sufritu genuen biok. Jaio bezain laster, heriotza ikusi nuen aurrez aurre lehen aldiz, berpizte maniobra aurreratuak behar izan bainituen. Ordutik, dena aldatuz joan zen zuen bizitzan; hau lehenengo oztopoa baino ez zen. Jaio eta egun gutxitara meningitisa diagnostikatu zidaten, medikuek oso egoera larria izan zitekeela esan zizueten eta hil ezean ondorio neurologikoak izango nituela. Kolpe gogorra izan zen zuentzat, eta ez zeundeten prest egoerari aurre egiteko. Horretarako nor egon liteke prest?Denboraldi luzea egin genuen ospitalean. Hasieran oso zaila izan zen. Ama, zuk depresio sakonean murgildu zinen eta zu, aita, ezinean etortzen zinen ospitalera bisitan. Zuen oinazea eta gorroto tantak usaintzeko gai nintzen, zuen bizitza hautsiaren arduradun bakarra ni bainintzen. Amama Kattalin laguntza paregabea izan zen guztiontzat, bera egoten baitzen nirekin ospitalean, zuek biok zaintzeaz gain; denok geunden babestuta amamaren besotan. Ospitaletik garun paralisi larriarekin irten nintzen. Ama, jadanik hobeto zeunden; aita, zu ere indarberrituta. Hala ere, ez da erraza norberaren buruaz ahaztea eta beste bati denbora eta pentsamendu guztiak eskaintzea. Aita, zuk zure lan maitea utzi behar izan zenuen eta ama, noizean behin laborategira joaten jarraitzen zenuen. Gehiegizko erantzukizunak zuon harremanean gorabeherak eragin zituen. Erru sentimenduak, haserreak, frustrazioak… Egoera hilabete batzuetan mantendu zen. Amama izan zen gure familia libratu zuena. Gurekin bizitzera etorri eta apurka egoera leuntzen joan zen.Aldaketa nabariak gertatu ziren garai hartan etxeko guztiongan, eta maitasuna hutsune guztiak betetzen hasi zen; gure arimen ongarri izan zen, kimuak loratuz. Oztopoak, sufrimendua eta egoera zailak pertsonengan aldaketa sakonak eragiteko gai dira. Bizitzaren zentzu berria ulertu zenuten; hasieran zuontzat infernua izandakoa orain zuen izaeraren alderik garbienaren ispilu zen. Gure familia errotu eta sendotu egin zen, zuhaitz handiren antzera. Orduan, lehenengo aldiz ikusi nuen maitasuna zuen irribarre eta begiradetan, eta eskutik datorkien berotasuna eta babesa. Miraria izan zen, zainduta egon baikara beti.Egunak aberatsak ziren, zuen maitasun tantaz horniturik. Pozik bizi zineten, eguneroko oztopoei aurre egiten eta bizitzak eskaintzen dituen opari txikiekin gozatuz. Proiektu berriak ere agertu ziren, beldur eta itxaropenez jantziak. Horrela etorri zen Ane gure artera.Ane, nire ahizpa kuttuna, zu izan zara bizitzan gehien maite izan nauena, zure inozentzia eta purutasunaren bitartez baliatu baitzinen hasieratik. Badakit askotan alboratuta sentitu zinela, baina, hain txikia izanda ere, ulertzeko gai izan zinen, barkatzeko gai. Pertsona miresgarria zara. Noan lekura noala, elkarri zaintzen jarraituko dugu.Beti jasan izan ditugu egonaldi luzeak ospitalean, pneumoniak edo jateko arazoak zirela eta. Etxera itzultzen ginen bakoitzean ama, zuk jai txikia antolatzen zenuen pozaren pozez. Azkenaldian, ospitaleratzeak maizago gertatu dira; gainera astunagoak eta luzeagoak izan dira. Nire gorputza ahultzen doala nabaritzen dut, nekatzen hasi naiz. Nire bidea egin dut mundu honetan, eta bidegurutzean nago orain; atseden hartzeko aukera eskaintzen ari zait. Zuei esker bizitza ederra eta aberatsa izan da. Asko borrokatu gara guztiok, elkarrekin egoteko asmoz. Urrun heldu gara, bidea elkarrekin egin dugulako. Traba guztietan lagundu nauzuen moduan, orain ere nire alboan egon zaitezen eta laztan batez nire eskuak aska ditzazuen eskatzen dizuet, nahiz eta indarrez eutsi, ezin izango baituzue ekidin. Bidaiari ekiteko unea laster helduko dela sumatzen dut.Ez zaitezte triste jarri, mesedez, alai baizik. Poztasunez gogoan izan nazazuen eskatzen dizuet, gure oroitzapenak maitasunez beteta egon daitezen. Zuek oraindik ibilbide luzea duzue egiteke, familia indartzen jarraitzeko eta zidor berriak margotzeko. Nire hitzak itxaropenaz josita daude. Heriotza ez da amaiera, benetako bidaiaren hasiera baino. Ez naiz beldur, lasai noa, bizitza hau prestakuntza zabala izan baita.Atzo ospitaletik etxera itzultzea erabaki genuen, zuek ondo sumatu baitzenuten gertatzen ari zena. Aita, ama, amama, Ane eta bostok nire gelan gaude, isilik. Abenduko arratsalde argi honetan eguzkia goiz amatatzen ari da, eta ni berarekin batera banoa. Ane, zure begi ertzean negarra agertu da, eta aldi berean, irribarre leuna zure ezpainetan. Eskerrik asko hegoak oparitzeagatik.Batera hegaz egingo dugun egunera arte, maitasun handiz,
Laia.
COLEGIO DE MÉDICOS DE BIZKAIA · BIZKAIKO MEDIKUEN ELKARGOALersundi, 9 - 1ª Planta - 48009 Bilbao · 94 435 47 00 · colegio@cmb.eus