Este sitio web utiliza cookies para mejorar la experiencia de la persona usuariaPuedes consultar más información sobre nuestra política de cookies. Puedes aceptar todas las cookies pulsando el botón “Permitir cookies” o configurarlas o rechazar su uso clicando "Configurar cookies".
Las cookies estrictamente necesarias son aquellas de carácter técnico, que deben estar siempre activadas para que la web funcione correctamente, así como para que podamos guardar tus preferencias de ajustes de cookies.
Esta web utiliza Google Analitycs para recopilar información anónima que nos permita medir, por ejemplo, el número de visitantes del sitio, o las páginas más populares. Activando estas cookies, nos ayudarás a continuar mejorando nuestra web en base los intereses de nuestras y nuestros usuarios.
bizkaiko medikuen elkargoa
colegio de médicos de bizkaia
Buscador :
Volver al Menú
-Egunon Guasi! - esan zuen bere larruzko maletina nire oinen artean pausatuaz batera.
Bat-batean, gela osoa labanda usain batek menperatu zuen eta nik, begiak zabalzabalik erantzun nuen, inongo hotsik sortu gabe, hitz bat bera ere ezin ahoskaturik.
Geroago jakingo nuen barearen ostean datorren ekaitzak bezala harritu ninduen gaztehark Haizea izena zuela.
“2019ko irailaren lehenengo astean geunden, irlako ospakizunik garrantzitsuenetakoa bizitzen. Festa giroa, musika, algarak eta kolorez jantzitakokaleak nabari ziren nonahi, Pino gure Ama Birjinari ongietorririk beroena emateko prest.
Arratsaldeko bostak aldera atera nintzen etxetik. Ama lanean zen eta hiru anaiak aspaldi joanak ziren, beraz, etxea goitik behera itxi nuen, txikitan erakutsi ziguten legez. Bero izugarria egiten zuen arrats hartan eta izozki batzuk erostera joan ginen lehendabizi.
-Nik txokolatezkoa, mesedez -eskatu nion Doloresi, plazaren ezkerreko kantoian zegoen gozoki dendatxoaren jabeari.
-Ai gure Guasimara! ez al duzu sekula besterik dastatuko? –erantzun zidan Doloresek barre artean.
Yaizak eta Laurak konplizitate keinua egin zioten Doloresi, bazekitelako txokolate zale amorratua nintzela eta ez nuela huts egiten nire aukeraketan.
Muturrak garbituta jende artean murgildu ginen alkatearen urteroko berbak entzuteko zain. Une hartan, ordea, inoiz sentitu gabeko buruko mina nabaritu nuen eta lurrean esertzera derrigortu ninduen zorabioa.
-Ondo nago neskak, lasai. Beroagatik izango da, besterik gabe. Gainera, hilerokoa ere etorri behar zait eta larri-larri uzten nau beti.
-Goazen osasun-zentrora, Guasi -esan zidan Yaizak.
-Bai, goazen edota etxera freskotara –jarraitu zuen Laurak.
Hamasei urteko edozein neskak bezala, ez nien jaramonik egin nire bi lagunei eta festak amaitu zuenean itzuli nintzen etxera, gauerdian. Ama baino ez zegoen etxean eta atarian agurtu ninduen.
-Zer moduz laztana, polita izan da? –ni neka-neka eginda nago, gaur lan asko izan dugu tabernan.
-Betikoa, ama, besterik gabe. Zoaz atseden hartzera eta bihar kuxkuxeatuko dugu horri buruz.
Elkarri musu eman genion eta ohean etzan nintzen. Oraindik buruko mina nabaritzen nuen.
Aste bete geroago, herriko festak bukatu ziren eta ikasturtea hasi berri genuen. Batxilergoan geunden eta nik, kazetaritza ikasi nahi nuenez, gizarte zientzietan matrikulatu nintzen. Egunak, asteak eta hilabeteak igaroko ziren eta haiekin batera, gabonak iritsiko ziren. Amak grabagailu bat oparitu zidan, aisialdian egiten nituen elkarrizketak behin eta berriz entzun ahal izateko eta ideiarik garrantzitsuenak ene koaderno erosi berrian idatzi ahal izateko. Pozarren nengoen neure tresna berriarekin eta, aldi berean, irrikan, kurtsoa hasi genuenetik lehenengoz elkarrizketatuko nuelako pertsonaia famatu bat: aratusteetako erreginarekin aurrez-aurre egongo nintzen egun batzuen buruan, nahi nituen galdera guztiak egin ahal izateko.
Urduri jaiki nintzen larunbat goiz hartan, baina sentimenduak agerian nituen, baita irribarrea ere. Azkenean iritsi baitzen eguna, benetako elkarrizketa bat egiteko aukera, geroago ikaskideen artean lan polit batekin aurkeztuko nuena.
Ordu erdi inguru neraman galdeketan eta, harrezkero, ez dut gehiago oroitzen. Gainontzekoa lainoak estalia bezala azaltzen zait begien aurrean, momentu batez agertu eta desagertzen dena aldi berean. Begiak bete-betean ireki nituen orduan, azalpenen bila arituko balira bezala, eta Ama ikus nezakeen, gelatik at. Begitarte akitua zuen eta pijama zuri zimurtua zeraman emakume argal batekin hitz egiten ari zen.
-Zer gertatu da, ama? Zergatik gaude hemen? –aurreratu nintzen galdetzera gelara itzuli bezain laster.
Amaren begietan malkoek utzitako arrastoa antzeman nezakeen, baina haren ahots leunarekin eta nire eskuak bere eskuen artean bildurik, gertatutakoa azaldu zidan.
Aratusteetako erreginarekin elkarrizketan murgil-murgilduta omen nengoen nire ohiko zorabioetako bat sufritu nuenean. Azken hau, ordea, uste baino nabarmenagoa izan zen, kontzientzia galtzerainokoa eta baita krisi epileptiko bat sortzerainokoa ere.
Minutu gutxiren buruan ospitalera ekarri ninduten, non amaigabeko froga mordoa egin zizkidaten, besteak beste, burmuineko OTA edo kalean ezagutzen dugun bezala, burmuineko eskanerra. Guztion harridurarako, OTAn tumore bat agertu zen.
-Zorionez, tumorea bakarra da, hau da, ez dago gorputzeko beste ataletan tumorearen arrastorik ezta bestelako lesiorik ere -esan zidan amak.
-Tumore bat? Baina zer demontre! Nolatan tumorea? Zorionez?
Ezin nuen sinetsi. Bat-batean nire zorabio eta buruko minei azalpen bat eman ahal nien, ez ordea, brain storming bat bezala suertatzen ari zitzaizkidan galdera guztiei erantzunik.
Ez nuen malkorik bota, ez momentu hartan. Hurrengo egunetan, aldiz, haserrea, gorrotoa eta ezintasuna baino ez nituen sentitzen aldi berean, baita beldurra ere bakardadeko gauetan.
Denborak nire aurkaria zirudien. Izan ere, egunek aurrera egiten zuten heinean, tumoreak ere halaxe egiten zuen etengabe eta aste gutxiren buruan, bere tamaina bikoiztu zuen. Jadanik esana zidaten kenduezineko lesioa zela, burmuinaren erdierdian baitzegoen eta arriskuak, onurak baino gehiago izango ziren. Erradioterapia holokraniala eskaini zidaten orduan.
-Holo zer? –galdetu nion ezjakintasun aurpegiaz aurrez-aurre neukan hile gorridun medikuari.
-Holokraniala, Guasi, garezur guztiari ematen diogun erradioterapiari esaten diogu honela -azaldu zidan onkologoak orduantxe.
Bere izena ezagutzeko gogoaz geratu nintzen, izan ere, haren mantalean medikua baino ez zekarren idatzita. Hala ere, nire barnean Vincent esango niola erabaki nuen, margolariarekin zuen antzemanagatik.
Hogei saioren ondoren, behin erradioterapiatik berreskuratuta egongo nintzenean, kimioterapia emango zidaten. Berreskuratze faseak, aldiz, ez zuen gure etxeko atarian atseden hartu. Asteak pasatu ahala, geroz eta okerrago nengoen. Ama nekatuta ikusten nuen, baina hantxe zegoen beti, neure ondoan irmo, bere alaba bakarrak autonomia galtzen zuela ikusten.
Laster utzi nion ibiltzeari, baita hitz egiteari ere eta konplikazioak egunetik egunera agertuko ziren.
Eguerdi batean, amak nire postrerik gustukoena eskaini zidan ahora, arroz esnea. Egun hartakoa, ordea, gazi-gozoa suertatu zitzaigun bioi. Izan ere, itolarriak jota ospitaleratu ninduten. Pneumoniak hamar egun lapurtu zizkidan ospitalean egotera behartuta eta handik, etxera berriz. Joan-etorriko beste hilabete baten ostean,medikuek lur jota esan zioten amari tumorearen tamaina handiagoa egin zela eta niretzako aukerak oso mugatuak zirela. Nigatik aukeratu zuten orduan Vincent-ek eta bere lan taldeak. Niretzako zaintza paliatiboak izango ziren aukerarik onena.
-Zaintza paliatiboak? -hitz haiek entzutean akabatuta utzi ninduten. Ezin nuen beste ezertan pentsatu. -Ez zuten ezer gehiago egingo? Hemen amaitzen zen guztia?
Hiru egun baino ez nituen behar izango kontrakoaz ohartzeko.
Etxean geunden, lasai asko. Ama beti bezala nire ondoan zebilen, irakurtzen edota arropak lisatzen. Ni, neure ohean, oroitzapenez inguraturik: argazkiak, liburuak, musika eta nire grabagailua. Guztiak neurekin.
Ateko txirrinak etengo zuen lasaitasun giro hura. Bi mediku, berrogeitik gora izango zituen gizonezkoa, Eladio, eta neska gazte bat, Haizea. Haiei laguntzen, Ana, erizaina”.
-Eguraldi bikaina dugu gaur, Guasi! Ikusi al duzu eguzkia leihotik sartzen? Ai zeinen politak dituzun gaur azazkalak, laztana, gorri-gorriak margotuta!
“Haizea indarberrituta sartzen zen beti etxean, beti kontu-kontari eta eguneroko albisteen berri ere ematen zigun. Hilabete haietan pandemia bati buruz baino ez zen hitz egiten telebista eta komunikabide guztietan.
Hiru egunetik behin etorriko ziren eta azkar nabaritu nuen amaren aurpegian pertsona haietan aurkitu zuen babes eta indarra. Anak medikamentuak jartzen zizkidan eta, bien bitartean, Eladiok eta Haizeak miaketa fisikoa egiten zidaten.
Haizeak ez zituen hogeita hamar urteak pasatuko eta Euskal Herritik etorritakoa zen. Udaberrian geunden eta lorez jositako soinekoekin agertzen zen maiz. Amari sarritan entzun izan nion printsesa deitzen. Auskultazioa egitera hurbiltzen zitzaidan bakoitzean labanda lurrina antzeman nezakeen. Besteetan, ilea atontzera hurbiltzenzitzaidan, besterik gabe.
Egunen joan etorriarekin uda iritsiko zen eta ez zuen egun batean ere huts egingo hirukote hark.
Bost egun falta ziren amaren urtebetetzerako okerrera egin nuenean. Sukar altuak jota esnatu nintzen goiz hartan eta ez nion aho bidezko parazetamolari ondo erantzun”.
***
-Ez dut batere ondo ikusten, Haizea –esan zidan Guasiren amak.
-Egon lasai –eta logelara zuzendu nuen eskua haren sorbaldan jartzeaz batera.
“Nire ostean Eladio eta Ana etorriko ziren. Guztion begiradek bat egingo zuten orduan logela hartako puntu finkoren batean”.
-Guasi, laztana, iritsi gara. Hemen gaude.
-Lasai maitea -esan zuten Eladiok eta Anak aldi berean.
“Kalean Covid izeneko birus bati beldurra genion bitartean, gela hartako errealitatea guztiz desberdina zen. Guasiri joaten uzteko momentua iritsi zen, beldurrik gabe, bakean eta lasai, bere amaren babespean”.
-Printsesa …-esan zidan jarraitu ezinik Guasiren amak.
-Gaurkoan zure erregina agurtu behar duzu –esan nuen, ama haren ausardia une batetik bestera begietatik galtzen zela ikusiaz batera.
“Amaigabeko besarkada batean murgildu ginen biok eta, ondoren Ana, Eladio eta hirurok, ama-alabak elkar agurtzen utziz.
Ospitalerako bidea isilean egin genuen malkoek nire masailak busten zituzten bitartean.
Arratsaldeko seirak aldera jaitsiko nintzen hondartzara, Guasiren grabagailua eskuetan. Haren etxetik irten baino lehen bere amak sartu zidan poltsikoan, bere alabak hasitako istorioa nik buka nezan. Play botoia sakatu nuen orduan eta hantxe zegoen Guasi, bizi-bizirik: 2019ko irailaren lehenengo astean geunden, irlako ospakizunik garrantzitsuenetakoa bizitzen”.
COLEGIO DE MÉDICOS DE BIZKAIA · BIZKAIKO MEDIKUEN ELKARGOALersundi, 9 - 1ª Planta - 48009 Bilbao · 94 435 47 00 · colegio@cmb.eus