Este sitio web utiliza cookies para mejorar la experiencia de la persona usuariaPuedes consultar más información sobre nuestra política de cookies. Puedes aceptar todas las cookies pulsando el botón “Permitir cookies” o configurarlas o rechazar su uso clicando "Configurar cookies".
Las cookies estrictamente necesarias son aquellas de carácter técnico, que deben estar siempre activadas para que la web funcione correctamente, así como para que podamos guardar tus preferencias de ajustes de cookies.
Esta web utiliza Google Analitycs para recopilar información anónima que nos permita medir, por ejemplo, el número de visitantes del sitio, o las páginas más populares. Activando estas cookies, nos ayudarás a continuar mejorando nuestra web en base los intereses de nuestras y nuestros usuarios.
bizkaiko medikuen elkargoa
colegio de médicos de bizkaia
Buscador :
Volver al Menú
Orain dela hamar urte inguru sortu ninduten lantegi batean, beste hainbat ahizpatxorekin batera. Zifrak baino ez ginen. Hainbateko merkantzia hainbat egunetan. Bai makina bai langileek eskukatzen gintuzten, bereiziezinik. Baliteke guztiak makinak izatea, beharbada guztiak pertsona. Ni bezalako kulero batek ezin dezake zehaztu elkarrengandik banantzen dituen lerro fina.Egun gutxitara, denda batera eraman gintuzten. Neuri bikote bat ezarri zidaten, ni baino askozaz handiagoa, eta eskegi egin gintuzten. Ezeroso sentitu nintzen, ihes egin ezinik, nire gorputza erakutsiz etengabe. Zorionez, laster egin nintzen nire bikotekidearen lagun. Bera barruko kamiseta bat zela esan zidan eta biok kolore eta marrazki berdinak genituenez betiko batera egotera behartuta geundela ere. Inposaketa horrek asko haserrarazi ninduen. Nire gustukoren batekin egon nahi nuen, edo nire ahizpekin, edo, edo… edozer gauza hor esekita egon beharrean! Negar egin nuen luzaroan, baina ezirudien ingurutik presaka igarotzen zirenek gure saminean erreparatzen zutenik.Laster etsi nuen eta nire egunerokoa errutina astun bilakatu zen. Egunean zehar etengabe mugitzen gintuzten, lotsagabe begiratuz, lagun batzuk eraman eta ez genituen berriz ikusten… tortura hutsa, alegia. Gauak, gutxienez, lagunekin oihuka mintzatzeko erabiltzen genituen, iluntasun lasaia konplize.Nire bizitza goitik behera aldatu zuen gertaera jazo arte. Nire bila etorri ziren. Begi handiak zituen pertsona txiki bat aurrean paratu zitzaigun eta bere eskura lotuta zegoen pertsona handi bati hala esan zion, nire bikotekidea eta biok bere atzamar potoloekin seinalatzen gintuen heinean: “Begira, hartza!” Ahoa zabalik zuen, hortz txiki eta puntadunak erakutsiz. Ikaratu egin nintzen. Berarekin zihoanak heldu egin gintuen eta bere aurpegira urreratu ere bai. Aurpegia zikin zeraman, hauts marroiz betea. Atzazal luzeek zorrotz aztertu, eta beste barik, nire lagunak desagertu ohi ziren mahaitxora eraman gintuzten. Garrasi egin nuen, garrasi latza. Denak entzungor. Beste esku batzuek poltsa ilun batera jaurti gintuzten, “pi-pi” egiten zuen aparatu batetik igaro ostean. Poltsa hartan egon ginen nire bikotekidea eta biok, alde batetik bestera dantzan, atera gintuzten arte. Kaxoi txiki batean erori ginen eta hara! Gu lako beste batzuekin egin genuen topo.Gau hartan ikasi nuen ikasi beharreko guztia. Gure jabea pertsona txiki hori zen, ikusiko genituen beste bi handiren alaba. Handietatik, ile motza zuena aita zen eta bestea ama. Seme bat ere omen zuten, eta gauetan miauka egiten zuen maskota gizagaixoren bat. Neskatila txikiak egunero gutako bikote bat hautatuko zuen eta aukeratua egun osoan egongo zen bere gorputzean kateatuta. Ondoren, garbitu eta egun batzuen buruan berriro jantziko gintuzten. Jarraitzen zuen errutina bat izaten, baina gutxienez, apur bat entretenigarriagoa zirudien.***Ez naiz jaio nintzen egunaz oroitzen. Ez dakit orain dela asko edo orain dela gutxi izan den ere. Badakit hasieran barroteen artean egon nintzela ni bezalako beste askorekin. Leku gutxi genuen, jana nahiko eskasa zen, baina elkar laguntzen genuen. Noizbehinka, gutako bat eramaten zuten. Batzuentzat hori zen haien ametsa, haien familiarekin edo zeru urdinarekin bat egingo zutelakoan edo. Beste lagunek ikaraz berba egiten zuten hortaz. Aldaketen beldur ziren, egoerak okerrera egin zezakeen beldur.Nik neuk ez nekien zer pentsa. Alde batetik babestuta sentitzen nintzen han; beste aldetik, aske izateko aukerak, hegan egiteko grinak barrenak astintzen zizkidan. A ze nolako eragina duen barne-senak. Banekien hegazti bat nintzela, hegoak nituen. Ziur nengoen hegan egin nezakeela, segundo pare batean lortua nuelako jada. Baina hori zen gure kaiolak eta gainontzeko loroek baimentzen zidaten bakarra. Horregatik, paparra hor kanpoko haizearen gainetik irristatzearekin amesten nuen. Aspaldi gurekin egondako txori heldu batek kontatu zizkigun abenturek erraietan jakin minaren pospoloa piztua zidaten. Bera garai batean aske bizi izan zen, baina bitxia zenez, besteengandik desberdina, ehiztari batzuek ehizatu egin zuten. Ez jateko, saltzeko baizik. Sabela bete baino gurago zuten poltsikoa bete.Bueno, gauza da hor bizi izan nintzela neskato hura bila etorri zen arte. Begi jostalariak zituen, distira berezi batekin behatzen nindutenak. Berarekin zihoan gizon bati zerbait xuxurlatu zion belarrira. Di-da batean, norbaitek bere eskuaren aldean hain hauskorra zen nire gorputza inguratu zuen atzamarrekin eta hutsik zegoen kaiola batean sartu ninduen. Txanpon hotsa. Zertarako balio ote zuten harri ziztrin horiek? Neskatxoak niri begira igaro zuen bere etxerako bide osoa. Ni urduri nengoen. Kalea. Goian urdina mantxa zuriekin; behean grisa, mantxa orlegiekin. Bista tentagarriak ziren, baina nire bihotza ez zegoen pozik. Nonahi ikusten nituen marra bertikal beltzen eragina ote? Azkenean, neskaren bizilekua izan behar zuenean sartu ginen. Hainbat gizaki nire inguruan jarri ziren, ez zidaten utzi lasai arnasten. Balkoian jarriko nindutela erabaki zuten. Horrek alaitu ninduen, bertatik mundua ikusi ahalko nuen.***Uste nuena baino entretenigarriagoa suertatu zitzaidan bizitza berria. Neskatilaren hankartean joatea ez zen deserosoa eta berarekin batera, mundua deskubritzen hasi nintzen. Hizkuntza ez zen arazoa, laster ulertu nituen hitz guztiak. Nik umearen xalotasuna nuen gustuko. Errealitateak asmatzen zituen lagunekin, beste bizitza bat bizi ahal izateko. Barneko abentura zaletasuna. Jakin mina. Zortzi urte bete berriak zituen. Barrena ia hutsik zuen, betetzeko zain. Zoriontsu nintzen bere bilakaera nabarituz. Nire jabea primeran ezagutzen nuen jada. Pare bat urte inguru pasa ziren hola. Azken bolada hartan bere emakumetze prozesua hastear zegoela igarri nuen. Banekien ezingo nintzela bere alboan luzaro gelditu, aldakak zabaltzen hasiak zituen. Bere urtebetetze egunean agurtu genuen elkar. Hilekoa izan zuen aurreneko aldia izan zen. Zoritxarrez edo zorionez, ni izan nintzen gorri beroz busti zena. Neskaren susto aurpegia mundiala izan zen. Amari dei egin zion. Jada emakume omen zen, baina amaren premiarekin. Egia esan oraindik umemoko bat zen. Alaba zoriondu ostean, erantsi egin ninduten. Konpresa beste kulero batean jarri zuten. Ni, garbitu egin ninduten eta tiraderara itzuli beharrean, kaxa batean sartu ninduten, denbora pasa ahala txiki geratu zitzaizkion beste arropekin.Hori izan zen jabea ikusi nueneko azken aldia, edo hala behar zuen. Hurrengo urteetan kaxara sartzen ziren arropa berriek ematen zidaten neskaren nondik norakoen berri. Beste kulero eta txikitako arropa gehienak oparitu egin zituzten, ni ez ordea. Guztiz kendu ez zen odol orbanagatik, agian. Baina hobe izango zitekeen ni ere eraman banindute. Ez nuen berriro ikusiko, beraz, alferrik nengoen han... Horrexegatik ezustean harrapatu ninduten esku hotz fin haiek, hainbeste arroparen artean nire bila zebiltzanak. Zeinen altu zegoen! Aurpegia ezin nion oso ondo ikusi, ile sorta luze batek ezkutatzen zion. Xukadera gorri bat zuen gainean. Agian horregatik ez nintzen ohartu. Komunean sartu ginen. Txiza egiteko jesarri zen kazolan eta xukadera biziaren azpitik, bere hankak ikusi nituen. Edo bere hanka izan zirenak. Edo auskalo zer. Bi makil azalez jantzita. Dardarka, bere oin bakoitza nire zulo banatatik sartu zuen. Baliteke ni izatea dardarka zegoena. Ez dakit. Aldaka gogorretaraino jaso ninduen. Non zeuden ume zeneko ipurmasail goxoak? Zergatik igo nintzen arazorik gabe bere izterretatik gora? Zer gertatzen zen? Xukadera erantsi zuen eta balantzara igo zen. Ez nekien non kokatu begirada, ez nuen ispiluak itzultzen zidan irudia ezta oin azpian ageri zen zenbakia ikusi nahi. Konketara hurreratu zen eta dena pentsatuta balu bezala, eskua aho barrura sartu eta oka egin zuen. Zipriztinek ispiluak tindatu zituzten. Ez zuen askorik bota, baina. Berriro igo zen balantzara. 39´8. Nik bizitza osoan zehar gorroto izan ditut zenbakiak, gu zenbaki hutsak baino ez ginelako. Ez nien zentzurik aurkitzen. Momentu hartan, ordea, zenbaki horrek bere esanahi osoaz kolpatu ninduen. Nola zen posible? Nire haurtxoa… Aurpegi zurbiletik behera negar errekasto batzuk irristan ikusi nituen. Isilisilik egon zen barrenak malkoz ere hustu zituen arte. Gero, aurpegia lehortu, komuna atondu eta xukadera jantzita, gelara abiatu zen. Kaleko arropa jantzi zuen eta aita agurtuta, irten egin zen. Nolatan ez ziren bere gurasoak ohartzen?***Balkoitik begira azkar ohartu nintzen jendearen egunerokoaz. Beti ere marra beltz bertikalak lagun nituelarik, auzokoen eta etxekoen bizitza buruz nekien. Goiz jaiki, lanera joan, batzuk bazkaltzeko itzuli, gero berriro lanera eta afaldu. Afaldu ostean baliteke gustuko zerbait egiteko astia izatea eta gero lo. Asteburuetan apur bat aldatu egiten zen. Seme-alabak etxean zeuden, haiekin gehiago hitz egiteko (eta gehiago eztabaidatzeko) aukera zegoen. Erosketak. Deiak. Planak. Barre batzuk. Bakardade apur bat, agian. Eta berriz astelehena. Horrela urteak igarota, lerro beltzak besteen bizitzan zeudela sinetsi nuen eta ni nintzela libre zegoena. Etxekoek ez zidaten hasieran bezainbeste kasu egiten. Abesten nuenean isiltzeko esaten zidaten eta lehen kontrakoa zen. Egunero nigana hurbiltzen zen bakarra Mireia zen. Izen polita, musikaduna. Janaria eta ura uzten zizkidan kaiolaren azpialdean eta bi asteanbehin zulodun kutxa estu batean sartzen ninduen kaiola garbitzen zidan bitartean. Sekula ez naiz ona izan denbora kontrolatzen, beraz ezin dezaket esan noiz hasi zen alpistea ez zena ere jateko ematen. Nik, betidanik txorientzako jana jatera ohitua, ez nuen imajinatzen bestelako zaporerik dasta nezakeenik. Argi geratu zitzaidan milaka zapore zeudela deskubritzeko zain. Jateko ordua eguneko momenturik onena bilakatu zen niretzat eta egunero itxoiten nuen pazientziaz. Kaiolatik irteteko gogoa hasi berpizten hasi zitzaidan, nahi adina jan ahal izateko. Nire buruari errepikatu nion kaiolan zeudenak besteak zirela, bertara sartzen banintzen ezingo nintzela itzuli. Ez dakit ordurako sinesgarria zen hori.***Kiroldegia? Mesedez, norbaitek zer edo zer esan dezala, neska honek ezin dezake kirolik egin. Arropa erantsi eta txandala janzten hasi zenean konturatu nintzen zerk disimulatzen zituen bere hezur hutsak. Hiru kamiseta, bi praka, bi jertse eta txamarra bat zeramatzan. Ez zuen berorik izango? Arropa zaharren kutxatik atera ninduten atzamarhotzak oroitu nituen. Ez, ez zuen berorik izango. Hildakoek ez zuten berorik. Hotzikara batek zeharkatu ninduen. Onartzea gogorra bazen ere, ez nuen inon topatzen nik ezagututako neska. Ahitzen zuen gaitzarengandik babestu nahi nuen kosta ala kosta. Beranduegi zen, ordea. Nola babestuko nuen barruan zuen gaitz batengandik? Bera zen gaitz horren elikagai nagusia. Poliki-poliki xurgatzen zizkion bere nortasunaren azken apurrak. Nola gelditu? Sabelaren protestak entzuten nituen. Noiztik ez zuen ezer jango? Gimnasioko makinetara abiatu eta lehen lerroan jarri zen, beste hainbat pertsonekin, adin orotakoak, korrikan zinta baten gainean. Nora heldu nahi zuten? Gu egin gintuzten bezala, gizakiak ere makinek egin behar al dituzte? Patroi berarekin? Hori da lasterka urtzen diren guztien helmuga? Ez al dira konturatzen, korrika egin arren, ez doazela aurrera?Lurraren kontra hartu nuen zaplaztekoak nire pentsamenduetatik atera ninduen. Zergatik erori zen Mireia? Okerrago oraindik, zergatik ez zen altxatzen? Jendea urreratuz joan zen. Medikuari deitzeko. Hankak jasotzeko. Izerdi hotzak zikindu ninduen. Azkenean, neska bere onera etorri zen guztiz. Ospitale batean zegoen. Gurasoak ere aurrean zeuden, guztiz izututa. Ingresatu behar zutela, ez zukeela askoz gehiago aguantatuko. Arropa kentzeko, beraiek jarriko ziotela. Azken begiratu bat eman ahal izan nion gelatik atera aurretik, paretaren eta bere azalaren kolorea parekoak ziren. Mireiaren beste irudi hobe bat ikusiko nuen esperoan irten nintzen. ***Egunak neskatila ez dela etorri niri janaria ematen. Etxetik ere ez dut entzuten. Orain alpistea baino ez didate ematen. Hemendik irten nahi dut!***Amak alabaren ohe gainean utzi nau, beste arroparekin batera. Ez dakit noiz etorriko den nire bila, baina oso aspertuta eta kezkatuta nago. Badakit egunak pasa direna, beharbada hilabete bat ere.***Jada ez dut gogoratzen ze zapore zuten jaki zirraragarri horiek. Dakidan bakarra da hil aurretik berriz probatu behar ditudala, behin gutxienez.***Azkenean! Dirudienez asteburu pasa dator Mireia, kilo batzuk irabazi ditu eta sari gisa baimendu diote etxera etortzea. Ate hotsa. Poz oihuren bat. Logelara dator. Bueno, apur bat loditu da. Espero nuena baino gutxiago, baina zerbait bada. Txoriari buruz galdetu du. Gelatik irten da.***Bera da? Bai, bera da! Zergatik begiratzen du horrela nire kaiola? Hain zikin dago? Egia da ez didatela garbitu baina…***Berriz dator gelara? Nigana? Nora narama? Hor dago txoria, zenbat handitu den azken aldiz ikusi nuenetik. Zer egingo du nirekin?***Trapu berri bat hartu duela ematen du kaiola garbitzeko. Non dago ni sartzeko kutxa?***Kaiola etxe barrura sartu du eta ate eta leiho guztiak itxi ditu. Hitz goxoak esaten dizkio txoriari. Poliki laztandu du eta kaiolako atetxoa ireki dio. Hasieran, txoritxoak ez du ezer egin. Gero, astiro hurbildu da irteerarantz eta birritan pentsatu gabe, hegaz hasi da. Kostatu egin zaio, ohitura falta, suposatzen dut. Sabaiko lanparan geratu da. ***Ezin dut sinetsi. Hegaz egiteko lekua daukat. Uste baino neketsuagoa da, ez dut indarrik hegoetan… Baina hain da liluragarria… Hemendik irten ahal banintz aske izateko… Zer dauka Mireiak eskuetan? Ez da ba izango… janaria! Hau paradisuko ataria da!***Penaz ikusi dut txoria Mireiaren janaria jaten. Ez zait axola izan kaiola garbitzeko erabiltzea. Horrek jada ez du garrantzirik. Nik badakit egia. Ez dago sendatuta. Ospitalera itzuli behar da ahalik eta arinen. Benetako tratamendu bat behar du. Txoriak bukatu duenean, kaiolara erakarri du berriro, ahal izan duen formaz. Gurasoak sartu dira egongelara. Pozik dakusate alaba maskota zaintzen. Ez al dira ohartzen hegaztiari berak ez duen askatasuna ematen diola? Bera jateko gai ez den janaria eskaintzen diola? Hain itsu daude ez dutela ikusten bere bizia ematen ari zaiola txoriari?***Eta kaiolara bueltatu ez banintz? Seguraski ez nituzke gutiziak berriz probatuko. Ezin nintzen arriskatu...***Mireiak gaur ere erabili nau kaiola garbitzeko, eta txoria berriz askatu du. Gaur gauean berriro bueltatu behar da ospitalera. Beharbada horregatik ez da konturatu gelara sartzeko atea zabalik dagoela eta nebaren katua sartu dela. Txoriak ere ez zuen espero. Zas! Ezkerreko hegoa zeharkatu diote erpeek. Neskak oihukatu du. Mugimendu arin baten, hegaztiak askatzea lortu du eta ahal izan duen formaz, metro batzuk hegan egin eta erori da. Mireiak arineketan jaso eta kaiolara sartu du. Zalapartak eraginda, gurasoak sartu dira. Neskak, negarrez, albaitariarenera eramateko erregutzen die. Domeka da. Auskalo non dagoen guardiako albaitaria. Ni botata nago lurrean. Telefonoz dei batzuk egin dituzte. Aitak txoria eraman du albaitariarengana. Amak Mireia eraman du bueltan ospitalera. Bi egun hauetan jarraitu dut hemen botata. Ez dira ohartzen hemen nagoela. Gaur ekarri dute maskota bueltan etxera eta heldu bezain pronto deitu diote alabari ospitalera abisua emateko.***Badakit neska ez dagoela hemen, ez nauela askatuko eta ez didala jateko goxorik emango. Katuarena susto galanta izan zen, baina aske izateak bere arriskuak dakartza. Orain guztiz sendatuta nago, baina hegoak eman dizkidate hegan egitea ezinezko dudan lekuan.***Gurasoek ni ere erabiltzen naute kaiola garbitzeko. Ez zait asko inporta, horrela neskaren egoerarenn gainean jartzen naute. Ez du hoberantz egiten. ***Ezin dut agoanta. Marra beltzak sekula baino hurbilago daude nigandik. Zorigaiztorik txarrenaren pean bizi naiz: zoriontasuna dastarazi didate, eta segituan kendu.***Dena ikusi dut. Aitak balkoiko atea zabalik ahaztu du aurrena. Katua urreratu da ostean, bere erasoa bukatu nahian edo. Nire harridurarako, txoria barroteetara hurbildu da. Katua kaiolaren alturara igotzen hasi da, mantso. Ahoa miazkatuz. Erpeak ateraz. Azkar gertatu da. Txoritxoaren buru txikia barroteen artetik atera da, ihes egin nahian bezala. Zas! Katuaren saltoa, lumak airean, isiltasuna. Kaiolako burdinazko makilen artean, hegaztiaren gorputz potoloa, edo gorpua. Bururik gabe. Gurasoak arrapaladan korrika. Oihu histerikoak. Egia esan, irudiak ez du inor axolagabe uzten. Kutsu makabroko koadroa, lurrean odol tanta eta guzti.Egun batzuk igaro dira eta ez dakite alabari nola esan jazotakoa. Erabaki dute onena gaur esatea dela, asteburu pasa etorriko baita berriz etxera. Ni ikaraz nago. Balkoiko txoko ilun batean ahazturik, neskaren negarrak entzun ditut. Badirudi gurasoek onena bakarrik uztea dela pentsatu dutela, lasaitzeko edo. Erabaki okerra. Balkoira irten da. Loditu egin da baina bere aurpegiak inoiz baino gaixoago dagoela erakusten du. Ostikada bat bota dio kaiolari. Ni ikusi nau. Amorruz hartu eta balkoitik behera jaurti nau. Berarengandik urruntzen ari nintzen, edo hala izan beharko zen. Lurrera iritsi aurreko segundo milaren horietan bere atzamarrek berriro laztandu nindutenean ohartu nintzen Mireia nire atzetik zetorrela.Berriro ere, odol beroa xurgatu nuen.
COLEGIO DE MÉDICOS DE BIZKAIA · BIZKAIKO MEDIKUEN ELKARGOALersundi, 9 - 1ª Planta - 48009 Bilbao · 94 435 47 00 · colegio@cmb.eus