Este sitio web utiliza cookies para mejorar la experiencia de la persona usuariaPuedes consultar más información sobre nuestra política de cookies. Puedes aceptar todas las cookies pulsando el botón “Permitir cookies” o configurarlas o rechazar su uso clicando "Configurar cookies".
Las cookies estrictamente necesarias son aquellas de carácter técnico, que deben estar siempre activadas para que la web funcione correctamente, así como para que podamos guardar tus preferencias de ajustes de cookies.
Esta web utiliza Google Analitycs para recopilar información anónima que nos permita medir, por ejemplo, el número de visitantes del sitio, o las páginas más populares. Activando estas cookies, nos ayudarás a continuar mejorando nuestra web en base los intereses de nuestras y nuestros usuarios.
bizkaiko medikuen elkargoa
colegio de médicos de bizkaia
Buscador :
Volver al Menú
(1) Eta berriz min hau. Hutsunea, hemen, paparrean. Etxea oso handia egiten zait, handia, isila, iluna.
Marisolek 60 urte bete berri ditu. Denda batean egiten du lan, arropa-denda batean, eta bere alabak dira bere altxorrik preziatuena. Bazkaltzera datozenean, asteburuetan, bizitasuna berreskuratzen du bere etxeak. Marisolek kasik ez du hitz egiten. Bere “umetxoak” behatzea gustatzen zaio, haien xalotasuna, indarra, algarak… Horrela askotan lortzen du ahanztea barruan hazten ari zaion zuloa. Zulo beltza. Estali egiten du hala-moduz, isilarazi. Baina badaki alabek alde egiten duten momentu beretik, bataila galdua daukala. Minutu batzuez platerak ontzi-garbigailuan sartzen dituen bitartean, munstroa saihestu duela dirudi, baina hantxe dago, zain, pazientziaz.
Ze luzea den arratsaldea… Ez dakit zer gehiago garbitu, telesailen bat ikusiko dut? Orduak oso astiro igarotzen dira, telebistak barra-barra hitz egiten du, hor nonbait… isiltasuna apurtzeak bakardadea hautsiko duelakoan. Marisolek ezin du arretaz jarraitu ikusten ari dena, buruak urrun egiten du hegan, beste garai batera, beste bizipenetara… eta hutsuneak lekua irabazten du, barra-barra sakabanatzen da, egongelatik barreiatzen da, Marisol inguratuz eta bihotza estutuz. Malkoak aspaldi lehortu zaizkio, ez dauka samin hori kanporatzeko erarik. Eta armairura begiratzen du, armairuko goiko ateetara. Badaki zer dagoen barruan eta badaki ez duela horretan pentsatu behar. Baina arratsaldea oso luzea da, buruko makineriak ez dio atsedenik ematen, bueltak eta bueltak ematen, eta lur jota dagoen arren, badaki oheratuz gero, dena gainera eroriko zaiola, begiak parez pare irekiko zaizkiola eta munstroak ordulariaren orratzak oraindik gehiago motelduko dituela. Gaua da bere zigorra. Eta ezin du berriro ere estualdi horretatik igaro.
Alboetara begira, gaizki egiten ari dela dakienaren ziurgabetasunez, sofatik jaiki eta armairura hurbildu da. Zalantza izpi batek zeharkatu du goitik behera, baina hurbil dauka saria eta badaki lagunduko diola, munstroa baretuko duela eta burua otzandu. Esnagailuak jo duenean, egiak ukabilkada bat eman dionaren sentsazioa izan du. Berriro. Sofatik jaiki eta logelara joan da tramankulu madarikatua itzaltzera. Ahoa oso lehor dauka, goragalea eztarriraino igotzen zaio eta nazka ematen dio bere buruak, bere bizitzak, bere etxeak. Lotsa eta higuin nahasketa batekin, botilak batu eta mahaia txukundu du, ukitu gabeko afaria zaramara botaz. Kafe bat, dutxa bat eta lanera. Botilak poltsa batean sartu ditu beira-edukiontzira eramatean inork ikusi ez ditzan.
Horrela ezin duzu jarraitu Marisol, kalte egingo dizu… Zure alabek ikusi bazintuzte, zer?
Bere buruari zin egiten dio gaur ez dela berdina gertatuko, lanetik etxera itzultzean Margari deituko diola aspaldiko partez kafe bat hartzeko, edo paseatzera irtengo dela… Baina supermerkatura doanean, erosketen organ botilentzako lekua egin du.
Baina ez konortea galdu eta mina uxatzeko… Afariarekin edalontzi erdi bat hartzeko baizik, hori bakarrik, beti gustatu zait, nire apeta da… Hain kaltegarria da hori?
Behin eta berriz errepikatzen duen arren, badaki ez dela horrela, eta munstroak beti irabazten duela…
Baina zer esaten da beti? Aurre egin ezin badiozu, saihestu! Eta ihes egiteko, lo egiteko era bakarra, buruko matraka isiltzeko modua… ideiak geldotuko dizkion ardoa da, denboraren geldotasunarekin bat eginez. Eta hori ez du beste inork ulertzen, ez bere alabek, ezta medikuak, eta noski, bere senar ohiak ere ez. Baina botila beti dago hor, prest, adeitsu, epaitu gabe.
Bere lagunik onena. (2) Peiok 7 urte bete ditu eta gurasoek kamioi artikulatu bat oparitu diote, telegidatua eta atoiarekin. Hamaika begik egiten diote so oparia zabaltzen duen bitartean, paper margotua kontuz, apurtu gabe, baztertzen duen bitartean. Eta Peiok, 7 urterekin, ilusio aurpegia behartu du. Berari ez zaizkiolako kamioiak gustatzen. Eta askotan esan dio aitari, gehiagotan amari… baina ez omen diote entzuten.
Nahitaezko irribarrearekin erantzun die guztiei. Ze polita, Peio! Uau, zelako makina! Gero lasterketa bat egin behar dugu! Gauean, senideek alde egin dutenean eta oheratzeko dagoenean, nekatuta, amak esan dio: Badakit ez zaizula oparia gustatu. Eta Peio, zur eta lur, ez da ausartu gezurra esaten. Amari gogorarazi dio berari arrebaren panpinak gustatzen zaizkiola, hitz egiten duen panpina horietako bat eskatu zuela. Amak estu besarkatu du. Asko maite zaitut. Eta bekokian musu bat emanda, oheratu du.
Argia itzali bezain pronto, amaren pausuak urruntzen entzun dituenean, ohetik jaiki da poliki-poliki Peio. Ingurura asko ez begiratzen saiatu da, oso ilun dago gela eta itzal asko mugitzen dira. Apalategira hurbildu eta kutxa bat atera du pelutxe batzuen azpitik. Ireki aurretik isilik agoantatu du hamar arte zenbatu bitartean, logelara inor hurbiltzen ari ez zela ziurtatzeko.
Kutxan bere arrebak aspaldi oparitutako Mirentxu dago, jantzi berdea eta ile luze gorrixka daramatzan andrakila. Gurasoek ez dakite berak daukala, baina ez dute faltan bota arrebaren jostailu guztien artean. Mirentxu berea da orain, arrebak oparitu zion eta asko maite du, eta gauero ateratzen du apur bat orraztu eta zaintzeko. Ez da ausartzen egunez berarekin olgetan egitera.
Eta zer nahi duzu, gure semea marikoi bat izatea?! Eztabaidak tupustean harrapatu du Peio. Mugitu ezinik gelditu da, Mirentxu eskuetan duelarik, korridorearen beste puntako gelatik datozen oihuak irentsi nahian…
(…) ez dago pozik! Ez zaizkio kotxeak gustatzen, eta hori ez da aldatuko kotxe eta kamioi gehiago oparitzen!
(…) hori da lortuko duzuna, afeminatu bat izatea! Ez dut esaten ezin duenik bere arrebarekin batera panpinekin jolastu (…) mutil bat da eta horrela hezi behar dugu!!
(…) Nik bere adinarekin kotxe lasterketetara jolasten nuen, futbolean… (…) Gure semea da, Inazio! Ez esan horrelakorik!
Denek egingo diote iseka! Laguntza eskatu beharko genuke… (…) (…) Eta hitz egin baxuago, entzun egingo gaitu eta! Peiok ez daki oso ondo zer pentsatu, zer ulertu… Egia esan, ez daki zergatik ezin duen bere arrebak bezala panpinekin jolastu… Mutila delako? Zergatik da mutila? Ez du ezer ulertzen. Jolastu baino ez du nahi, eta ez diote uzten. Ez du ezer konprenitzen baina oso triste dago. Ez naute maite? Gurasoek ez naute maite panpinekin jolastu nahi dudalako? Abandonatuko naute?
Mirentxu begiratu du, zeinen polita den. Betile oso luzeak ditu. Begiak malkoz blai, estu-estu jarri du bere bularraren kontra, eta negar-isuriak ile gorrixka busti dio. Soseguz pentsatu du eta etxerako lanak egiteko mahai gainera igo da kostata, Mirentxurekin. Indarra egin behar izan du leihoa zabaltzeko, eta gaueko haize hotzak aurpegia lehortu dio. Arnasa sakon hartuz, begiak itxita, leihotik behera jaurti du panpina. Lurra jo aurretik, ezin izan du ekidin begiratzea, zoruaren kontra nola puskatzen den ikustea. Eta bere atzetik joan ala ez pentsatu du. Mirentxu gizajoa…
Pausuak entzun ditu korridoretik arineketan hurbiltzen. Bere lagunik onenak kale erdian darrai, zatikatuta. (3) Dutxaren momentua da gogorrena Leonorrentzat. Komunean giltzapetzen da, nahiz eta etxean inor ez egon, eta sakon arnasten du ileordekoa kendu aurretik. Kontu handiz konketan utzi eta bere buruari egiten dio so. Ilerik gabeko buruari. Billar bola distiratsu bat dirudiena, monje budista bat, inoiz ohartu gabeko orbain eta markak dituena, irregularra, espero baino latzagoa ukitzerakoan. Hotza, sentibera. Kimioterapia jasotzen ari den emakume baten burua. Minbizia daukan emakume baten burua, gaixorik dagoen emakumea.
Eta zeinen belarri handiak dituen. Aurretik ez zuen horren konplexurik izan inoiz. Onkologoak ez zion inoiz aipatu ere egin buruko ileaz gain bekain eta betileak ere eroriko zirenik. Hainbeste aldatzen da begirada, mundua ikusteko era… zu zeu…
Bere alabek egunero errepikatzen diote oso guapa dagoela, ilearena txorakeri bat dela eta berriro haziko zaiola. Ez dela momentu honetako garrantzitsuena, ezta askoz gutxiago ere.
Zer da ba, garrantzitsuena? Minbizia daukadala, gaixorik nagoela? Bada ni ez naiz inoiz gaizki sentitu, gaixorik sentitu, ilea erori zaidan arte.
Arrazionala izaten saiatzen da Leonor. Kanpo-itxura ez da horren berebizikoa, benetan inporta duena barruan daramagu, jarrera kontua da. Zenbat alditan errepikatu die lezio hori ingurukoei, bere alabei, bere ikasleei… Garen moduan onartu eta maitatu behar gara.
Batzuetan, umorea sartzen saiatzen da. Alabei ile-mototsa eutsi eta bere buruaren gainean jartzen du, adats eder bat simulatuz. Alabak barrez lehertzen dira. Leonorri gustatzen zaio ilearen berotasuna sentitzea buru biluzian, belarri atzean kokatzen duenaren plantak egiten ditu, edo haizearekin astintzen duenarena.
Baina badaki aurrera egitea lortzen badu, kalera irteten bada eta irribarre egiteko gai baldin bada, bere lagunik onenarengatik dela. Ileorde beltzarana. Bere benetako ilea baino lodiagoa, pixka bat ilunagoa eta bolumen handiagoarekin, baina aurpegiari argitasuna ematen diona, bere animoak janzten dituena. Bera ez baita gaixorik sentitzen. Inoiz ez da gaixorik sentitu. Bultoa ukitu zuenean ere ez, diagnostikoa jasotzerakoan ere ez. Eta kimioterapiarekin, momentuz, ez du ere albo-ondorio nabariegirik bizi. Baina ileordea kentzen duenean… errealitateak zanpatzen du, burusoil ikusten da, minbizidun umeak gogoratzen ditu, gaixo dagoela oroitzen du, kontziente da.
Eta gaixo sentitzen da. Horregatik maite du hainbeste bere lagunik onena.
COLEGIO DE MÉDICOS DE BIZKAIA · BIZKAIKO MEDIKUEN ELKARGOALersundi, 9 - 1ª Planta - 48009 Bilbao · 94 435 47 00 · colegio@cmb.eus